Torrebillela

Torrebillela dorretxea udalerrian arkitektura zibilari dagokion eraikuntzarik zaharrena da. Erdi Aroan eraiki zutenetik mantendu da, baina aldaketa asko jasan ditu gaur egunera arte. Aldaketa horiek guztiak gorabehera, badirudi jatorrizko eraikina bost solairuko harrizko dorre soila zela, apaindurarik gabea, eta defentsarako zein etxebizitza gisa erabiltzen zela.


XV. mende amaieran edo XVI. mendearen hasieran egin zioten lehen birmoldaketa-lana, baina ez zuen bloke trinko ia kubikoaren itxura galdu. Eraikinak lau isuriko teilatuari eusten zioten almenaz eta merloiz osatutako friso bat zuen goiko aldean, eta harresi txiki batek inguratzen zuen eraikin osoa. 1852an eraberritze-lan handia egin zioten eta egun ezagutzen dugun eraikina sortu zuten: jatorrizko dorrea eta haren hiru alde inguratzen dituen jauregia. Dorrea goitik behera berregituratu zuten: jatorrizko bost solairuak lau bihurtu zituzten barrualdeari garaiera eta zabaltasuna emateko xedez, eta fatxada nagusian zeuden bao bakan eta irregularren ordez ederki antolatutako bederatzi leihate neogotiko jarri zituzten. Eraikuntzari nortasuna ematen dioten almenak, aldiz, mantendu egin zituzten.

Bestalde, jauregia neoklasikoaren oinordeko izan arren, gotikoaren eta errenazimenduaren arteko erdibideko estiloan apaindutako sarbide eta leihoek joera historizista nabarmena erakusten dute.

 

InformaZIOA Helbidea: TORREBILLELA, BEKO KALE, 5 – 48100 MUNGIA (BIZKAIA) Telefonoa: 946 155 251 Faxa: 946 741 296 Helbide elektronikoa: liburutegia@mungia.eus