Esteban Urkiaga, Lauaxeta, XX. mendeko euskal poetarik garrantzitsuenetakoa izan zen, eta bere omenezko eskultura bat dago Lauaxeta kalean. Laukizen jaio zen 1905eko abuztuaren 3an, baina familia Mungiara etorri zen bizitzera, eta berton eman zuen haurtzaro eta gaztaro gehiena. Familiaren etxea "lau haizetara" zabalik zegoen gune batean kokatuta zegoenez, horixe hartu zuen Esteban Urkiagak inspirazio-iturri moduan "Lauaxeta" ezizena aukeratzerakoan.

Lauaxetak Euskal Pizkundea taldea sortzeko eta garatzeko prozesuan hartu zuen parte. Esteban Urkiaga euskal poetarik onenetakotzat hartzen da, eta bere obrak eragina izan du bere ondorengo euskal poesiarengan. Bere lanik nabarmenenak "Bide Barrijak" eta "Arrats Beran" dira. Gainera, gaur egun hainbat dira bere poemak aztertzen diharduten ikertzaileak, eta euskal musikagintzako artista entzutetsuek ere musikatu izan dituzte bere lanak.


Modu aktiboan hartu zuen parte euskal politikagintzan, EAJko hizlari moduan lehenengo eta, Gerra Zibila piztu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren mintzalari moduan. Condor Legioak egindako bonbardaketaren ondorioz suntsitutako Gernika erakusten ari zen bitartean atxilotu zuten eta 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten Gasteizen.

Bere gorpua Mungiako Berteizko hilerrian dago lurperatuta. Esteban Urkiaga Basaras, Lauaxeta, jaio zeneko mendeurrenean Mungiako Udalak Angel Garrazaren monumentu-eskultura bat jarri zuen haren hilobian.