Agirre Jauregia arkitektura-estilo ezberdinak nahasten dituen eraikin eklektikoa da. Alde batetik, beheko bi solairuek neoklasikoaren soiltasuna erakusten dute; hirugarren solairuko leihateek, aldiz, errenazimenduko logiak ekartzen dituzte gogora, eta behatoki bana dute albo bakoitzean. Eraikinaren alde guztiak ez dira berdinak eta estilo ezberdinetako elementuak ikus daitezke horietako bakoitzean, esate baterako, zutabe klasiko batez eutsita eraikinaren atzeko aldean dagoen karrerapea, edo egitura gotikoak zein eklektikoak erakusten dituzten baoak.

Foruen Enparantzako etxeek ez bezala, Agirre Jauregiak fruta-arboladun baratzea zeukan, eta autokontsumorako produktuak ateratzen zituzten bertatik. Baserri-jauregia zela esan daiteke, beraz. Baserri zaharretan leihoburuak gurutzez kareztatzen ziren zorte ona erakartzeko eta begizkoa uxatzeko xedez. Ohitura horri jarraiki, Agirre Jauregian ere leihoburuen parean burdin landuzko gurutze bana duten burdin sare barrokoak dauzkate beheko leihoek.